Athletic Club
Aukera
Ustaritz: "Norbere burua hamaikakoan ikusteak bizipoza ematen du"
Haritz Gallastegi
Bilbao
Jokalari bizkaitarra osatu da eta prest dago Espanyolen kontra aritzeko; Amorebietak, berriz, gastroenteritisak jota jarraitzen du.
Caparrosek deialdiaren berri ematen duen arte ez dira erdiko atzelarien gaineko zalantzak uxatuko. Gaurkoan albiste on bat eta horren positiboa ez dena eman du Athleticen lan saioak. "Arazoak izan ditut baina gaur normaltasunez aritu naiz", esan du Ustaritzek. Beraz, abadiñoarra prest dago jokatzeko. Amorebieta, berriz, ez da talde zuri-gorriak San Mamesen ateak itxita egin duen lan saioan agertu. Gastroenteritisa dauka. Ondorioz, sendagileek atsedena eman diote. Iurretakoa arratsaldez entrenatuko da Lezaman. Ondorioz, bihar arte ez da jakingo jokatzeko moduan dagoen ala ez.
Ustaritzentzat neurketa garrantzitsua izango da Espanyolen kontrakoa. Urtea hasi zenetik ez du jokatu, eta, beraz, lan ona egin beharko du galdutako lekua berreskuratzeko. Azterketa bat izango da beretzat. "Jokatzea egokituko zait eta ahalik eta lan onena egiten ahaleginduko naiz. Ondo jokatzen badut aukera gehiago izango dut jarraitzeko", adierazi du atzelariak.
Hala ere, asteon gozatu egin duela onartu du. Jokatuko duela jakiteak motibatu egiten du jokalaria. "Norberaren burua hamaikakoan ikusteak bizipoza ematen du".
Etzi Espanyolen kontra arituko da Athletic. Talde kataluniarra ez da lan ona egiten ari, baina aurkari arrikutsua dela iritzi diote zuri-gorriak. "Espanyolek beti izan du talde ona. Neurketa zaila izango da. Euren puntu premiarekin jokatu behar dugu".