Itxi

Mundua

Afganistan

140 milioi dolar, talibanak desmobilizatzen laguntzeko

Erredakzioa

Hamid Karzai Afganistango presidenteak nazioarteko komunitatearen konpromisoa lortu du Londreseko Konferentzian, talibanek diruaren edo lanaren truke armak utz ditzaten laguntzeko.

Afganistani buruz Londresen egin den Konferentzian parte hartu duten herrialdeek 140 milioi dolar bideratuko dituzte talibanak desmobilizatzen laguntzeko. Horrela, Afganistango Gobernuak diru fondo bat izango du talibanak armak uztera bultzatzeko eta birgizarteratzeko, David Miliband Britainia Handiko Atzerri ministroak jakitera eman duenez.

Horrela, Hamid Karzai Afganistango presidenteak nazioarteko komunitatearen konpromisoa lortu du, talibanekdiruaren edo lanaren truke armak utz ditzaten laguntzeko, baina ordainetan Afganistanek segurtasunaren ardura hartuko du zona batzuetan urtea bukatu baino lehen eta herrialde osoan bost urteren buruan.

Era berean, bakea eta adiskiditzea lortzeko Batzar Nazionala deituko duela iragarri du Karzaik, eta talibanak bertara gonbidatuko ditu. Batzarraren ostean ''bake jirga'' egingo dute (Afganistango batzar tradizionala).

Lankidetza

Gainera, bakea lortzeko eskualdeko Estatuen (Saudi Arabia eta Pakistan) lankidetza eskatu du Afganistango presidenteak. Talibanek Usama bin Laden Al Kaidako buruzagiari babesa ematen uzten badiote laguntza emateko prest agertu da Riad.

Bestalde, gatazka batekin amaitzeko, lehenago edo beranduago, arerioarekin elkarrizketa hasi behar dela onartu du gaur Hillary Clinton AEBetako estatu-idazkariak Konferentziaren amaieran.

Espainia

Espainiak Afganistanera 510 soldadu gehiago bidaliko dituela baieztatu du gaur Miguel Angel Moratinos Espainiako Atzerri ministroak. Dagoeneko mila bat soldadu ditu Espainiak Asiako herrialdean.