Itxi

Politika

Bilera

Urkullu "etsita" agertu da lehendakariarekin bildu eta gero

Erredakzioa

EAJren presidenteak salatu duenez, Patxi Lopezek ez du marko politiko berri bat eraikitzeko konpromisorik hartu. Terrorismoaren kontrako borroka "ez erabiltzea"rekin, berriz, bat egin dute.

Iñigo Urkullu EAJren presidenteak esan du Patxi Lopez lehendakariak "huts egin" diola gaur goizeko bileran, marko politiko berri bat eratzeko asmorik agertu ez duelako eta gai hori agendan sartuko ez duelako (ezta Estatutua erabat betetzeko proiektua ere). Buruzagi jeltzalearen esanetan, gaurko bilera lehendakariak "bere burua zuritzeko kanpaina" baten baitan kokatu behar da. Hala ere, terrorismoaren kontrako borroka "ez erabiltzeko" konpromisoa hartu dute biek.

Urkulluk Bilboko Sabin Etxean egin ditu adierazpenok, ordu eta erdiz Patxi Lopez lehendakariarekin Gasteizko Lehendakaritzan bildu ostean.

EAJren presidenteak agerraldian azaldu duenez, marko politiko berri bat eratzeko prozesua behar beharrezkoa dela adierazi dio lehendakariari, baina ez omen du horren "konpromisorik" jaso.

Horren harira, Patxi Lopezen "erantzun mugatuak huts egin" diola adierazi du. Urkulluk zehaztu duenez, ez dira mahai gainean egon EAJrentzat oso garrantzitsuak diren bi gai: marko politiko berriari dagokiona eta Estatutua erabat betetzeko eskakizuna.

Hala ere, Urkulluk esan du terrorismoaren kontrako borroka ez erabiltzeko konpromisoarekin lehendakariak bat egin duela.

Buruzagi jeltzaleak "lehendakariak bere burua zuritzeko kanpainaren" baitan kokatu du bilera eta esan du "PSEren adierazpenek berotutako" giro batean egin dutela. Urkulluk esan du horrelako batzarrek ezin dutela "irudi operazioak" izan, "hori ez baita EAJren estiloa".

Buruzagi jeltzaleak adierazi du lehendakariak gaur "proposamen generikoa" egin diola eta bere alderdiak, aldiz, "harremanak instituzionalizatu" nahi dituela eta "lanerako agenda bateratua" osatu nahi duela . "Lanean hasteko eta krisiari ekintzekin aurre egiteko ordua da", gaineratu du.