Itxi

Gizartea

Matrikulazio kanpaina

Eusko Jaurlaritzak hizkuntza-ereduaren hautaketa bermatuko du

Erredakzioa

Baremazio sistema berri bati esker, hiru ikastetxe aukeratu daitezke eta hezkuntza eredua bakar batean zehaztu. Matrikulazioa hurrengo astelehenean, otsailak 1, hasiko da, otsailaren 12ra arte.

Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak, 2010/2011 ikasturterako matrikulazio sistema berria aurkeztu du gaur. Ikastetxe publikoetan zein itunpekoetan matrikulatzeko baremazio sistema berria eratu dute.

Horren arabera, lehen aukera bezala ikastetxeak eskaintzen ez duen hizkuntza-eredu bat hautatzen duten familiek ez dute atzera egingo hurrengo aukeraketaren puntuazioan. Horrela, Hezkuntza Sailak "familien aukera askatasuna bermatzea eta euren eskakizunak betetzea" du xede.

Matrikulazio epea hurrengo astelehenean irekiko dute eta otsailaren 12ra arte luzatuko dute. Nahiz eta inprimakia ematen duten ikastetxeak eskatutako ereduetako bat ez eskaini, Celaak azpimarratu duenez, gurasoek hiru ikastetxe aukeratu ditzakete eta hezkuntza eredua bakar batean zehaztu.

Sistema horrek, beraz, familien lehen aukera aintzat hartzen du eta ikastetxeak eskaintzen ez duen eredu bat hautatzen dutenean, eskaintzen duten beste baten aurretik, ikastetxeak eskakizuna barematu beharko du eta Administrazioari eskaintzen ez den eredua zein den jakinarazi beharko dio.

Jarraian, Sailak eskaintzen ez den eredua eskola publikoan eskaintzea aztertuko du, izan ere, "hiritarren eskakizunak bere gain hartzeko beharra du, baina itunpeko ikastetxeek euren antolaketa propioa dute".

Hezkuntza sailburuak eredu publikoa defendatu du "aukera berdintasun printzipioaren bermatzailea" eta euskal hezkuntzan aitzindari izateko eta gizartearen zein familien eskaerak asetzeko gai dela azpimarratuz.