Itxi

Politika

Bilbon

Ehunka lagun bildu dira Bakearen Aldeko Koordinakundearen martxan

Erredakzioa

Eusko Jaurlaritzako eta alderdi politikoetako ordezkariek parte hartu dute, azken urtean ETAk hildako hiru pertsonak omendu dituzten manifestazioan.

Ehunka lagun bildu dira Bilbon, Bakearen Aldeko Koordinakundeak antolatutako manifestazioan parte hartzeko, ''Bakea da bide bakarra. Indarkeria eta mehatxu barik'' lelopean.

Manifestazioa arratsaldeko 17:30ean hasi da Jesusen Bihotza plazan eta udaletxean amaitu da, bertan komunikatu bat irakurri dute euskaraz eta gazteleraz.

Bakearen Aldeko Koordinakundeak "euskal gizarteak zeharkatu nahi duen bide bakarra bakearena eta askatasunarena" dela azpimarratu du.

Manifestazioan ETAk "bortizkeria behin betiko utz dezala" eskatu dute eta azken urtean ETAk hildakoak gogoratu dituzte: Eduardo Puelles Polizia Nazionala, iragan ekainaren 19an Arrigorriagan hildakoa eta Carlos Saenz de Tejada y Diego Salva, iragan ekainaren 30ean Mallorcako atentatuan hildako guardia zibilak.

Bakearen Aldeko Koordinakundeak, Indarkeriarik gabeko Eguna ospatzeko, urtero antolatzen duen manifestazioan Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramalea eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua izan dira.

Mendiak adierazi duenez, "Euskadin, zoritxarrez, indarkeriarik gabeko eguna gaur ospatzeaz gain, urteko beste 364 egunetan ere ospatu beharko genuke, oraindik bizitzeko eskubidea urratu egiten delako hemen".

Alderdi politikoen ordezkarien artean, Izaskun Bilbao (EAJ); José Antonio Pastor (PSE); Iñaki Oyarzabal (PP) eta Rafael Larreina (EA), izan dira bertan.