Politika
Euskalduna Jauregian
Ezker abertzaleak eskubide politikoekiko "errespetua" eskatu du
Erredakzioa
Ezker abertzaleko alderdi, sindikatu eta kolektibo sozialek ekitaldi jendetsu bat ospatu dute Bilbon, "demokraziaren berehalako berrezarpena" erreklamatu dute.
Ezker abertzalearen alderdi politikoek, sindikatuek eta kolektibo sozialek Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldi jendetsu batean parte hartu dute arratsaldean.
Ezker abertzaleko kide esanguratsuak izan dira bertan, Jone Goirizelaia, Tasio Erkizia, Iñaki Antigüedad, Ainhoa Etxaide (LAB), Arantza Zulueta, Jon Aritz Bengoetxea Bilboko udaletxean EAko zinegotzi ohia, beste batzuen artean, eta Alternatiba eta Aralarreko ordezkariak ere.
Amaia Esnalek, iragan urrian Batasuna birantolatzea leporatuta atxilotu ostean aske jarri zutena, Yolanda Jubeto EHUko andereñoak hitzaldi bat eman dute ekitaldian. "Demokraziaren berehalako berrezarpena" eta eskubide zibil eta politikoekiko "errespetua" eskatu dute.
Hitzaldian azken hilabeteetan "eskubide politikoen urraketa gogorra sentitu dugula" adierazi dute; "leporaketa sinestezinekin atxilotutako" ezker abertzaleko kideak eta Egunkariaren prozesuan epaitutako zuzendariak gogoratuz, "euskal presoen eskubideak errespetatzea" eskatu dute.
ETAko presoen senideei ere babes mezuak eman dizkiete eta Espainiako eta Frantziako estatuek "hitza kentzeaz gain, Euskal Herritik pentsamendu disidentea ezabatu" nahi dutela salatu dute.