Itxi

Gizartea

Euriteak

Lau eraikin hustu dituzte Eskoriatzan, lur-jausi baten ondorioz

Erredakzioa

Euren etxebizitzetatik aterarazitako bizilagunei bi hoteletan eman diete ostatu. Arriskurik ez dagoela egiaztatzen dutenean itzuli ahalko dira etxera.

Lau erakinetako bizilagunak etxetik aterarazi behar izan dituzte Eskoriatzan, lur-jausi batek eraikin bateko lehen solairuan kalteak eragin eta gero. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, ez da zauriturik izan.

Ezbaharra 08:00etan gertatu da, azken orduotan izandako euriteek luizia eragin ostean. Lau eraikinetako baten atzealdea mendi magalaren ondo-ondoan dago eta luiziak lehen solairuko etxe bat lurrez bete du.

Kalteak izan dituen eraikina bakarra bada ere, beste hiru eraikin ere jendez hustu dituzte, badaezpadako neurri gisa. Bizilagunak ezingo dira euren etxeetara itzuli, lur-jausi gehiago izango ez direla egiaztatu arte. Aipatu bizilagunak Eskoriatzako bi hoteletara eraman dituzte.

Eusko Jaurlaritzaren adituek zehaztu dutenez, gutxienez bi egun igaro beharko dituzte kaltetuek etxetik kanpo, teknikariek egoera aztertzen duten artean.