Gizartea
17 egun ainguratuta
'Bermeotarrak' atunontzia Vilagarcian porturatzea baimendu dute
Erredakzioa
Ontziak 17 egun eman ditu Arousako itsasadarrean ainguratuta 25 tripulatzaile zeramatzala. Armadoreak gastuak eta hornidura ordaintzeari uko egin dio.
''Bermeotarrak 4'' atunontziak Vilagarcia de Arousan (Pontevedra) porturatzeko baimena lortu du, 17 egunez Arousako itsasadarrean ainguratuta egon ostean, 25 tripulatzaile zeramatzala.
Garraioen Langileen Nazioarteko Federazioaren (ITF) arabera, "administrazio ezberdinekin egun batzuk kudeaketan ibili ostean, segurtasunagatik eta arrazoi humanitarioengatik aintzat hartu dute gure eskakizuna".
Iragan urtarrilaren 13an itsasadar galiziarrean sartu zen ontziak 300 tona atun daramatza eta oso erregai gutxi, eta armadoreak "gastuak eta hornidura ordaintzeari uko egin dio".
ITF "utzikeria" egoera ikertzen ari da eta arazoa konpontzera presatu armadorea, zorrak ordaintzeko eta tripulatzaile afrikarrak lehenbailehen aberriratzeko.