Politika
Auzitegi Nazionala
Etxaburu eta Enparantza espetxera, 'Gatza'ren omenaldiagatik
Erredakzioa
Asteburuan atxilotu zituzten, izan ere, omenaldi hartan terrorismoa goratzea leporatzen diete (Otegirekin batera) eta epaiketara joan ez zirenez, haiek bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuten.
Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak behin behineko espetxeratzea agindu du Estanislao Etxaburu Etxeraten bozeramailearentzat eta Jon Enparantza abokatuarentzat, izan ere, asteburuan atxilotu zituzten omenaldi batean terrorismoa goratu zutela leporatuta Auzitegi Nazionalean hasi zen epaiketara ez bertaratzeagatik. Arnaldo Otegi Batasunaren bozeramailea ere auzipetuta dagoen epaiketa horretara ez agertzeagatik, Etxaburu eta Enparantza bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen epaileak iragan astean.
Epaitegiko iturriek jakitera eman dutenez, Guardia Zibilak Etxaburu iragan ostiralean Ondarroan atxilotu eta Espainiako Poliziak Enparantza Donostian preso hartu ondoren hartu zuen erabakia epaileak.
Velascok saio labur bat egin zuen behin behineko neurriak hartzeko, eta Fiskaltzak eta herri-akusazioak (Ermua Foroa eta Dignidad y Justicia) behin behineko espetxeratzea eskatu zuten epaituak izan bitartean.
Bi atxilotuak ez ziren, urtarrilaren 27an, epaiketaren hasierara agertu. 2005eko uztailean Zornotzan (Bizkaia) Jose Maria Sagarduy Gatzari egin zioten omenaldi batean terrorismoa goratzea leporatzen diete.
Saioa baino egun bat lehenago, Etxaburuk eta Enparantzak iragarri egin zuten Auzitegi Nazionalera joateko asmorik ez zutela, eta beraz, epaileak horiek bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen.
Fiskaltzak 15 hilabeteko espetxe-zigorra eta 8 hilabeteko gaitasungabetzea eskatzen du Etxeraten bozeramaile ohiarentzat eta Askatasun abokatuarentzat. Ermua Foroak berriz lau urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen du eta Dignidad y Justiciak bosna urtekoa.