Ekonomia
Inaugurazioa Ordizian
Jaurlaritzak ez du Goierri Innobazio Poloa finantzatzea agindu
Erredakzioa
Bernabe Undak gogoratu du ez dutela partidarik aurreikusi baina sustatzaileekin harremanetan daudela baieztatu dute. Goierri Fundazioaren proiektuak "balio teknologiko handiko" enpresak hartuko ditu.
Bernabe Unda Industria, Innobazio, Merkataritza eta Turismo sailburua eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Goierri Innobazioa Poloaren hasiera emate ekitaldian izan dira gaur.
Azaroan aurreratu zuen bezala, Undak ez dio partidarik agindu azpiegitura berriari eta Exekutibo autonomoak "euren betebeharrak egiteko zain daudenei" sostengurik emango ez diela azpimarratu du. Bere Sailetik Eferi gaur jakinarazi diotenez, sustatzaileekin harremanetan daude.
Patxi Plazaola Goierri Fundazioko presidenteak, bere aldetik, proiektuko hurrengo faserako "ekarpena zehazteko" Undaren Sailarekin "lanean" dabiltzala jakinarazi du. Orain arte, Espainiako Gobernuak, Gipuzkoako Aldundiak, lurraldeko enpresek eta Kutxak babestu dute egitasmoa.
Gaur inauguratu duten eraikinak Poloaren zerbitzu orokorrak eta Lortek Batasun Teknologien Ikerketa Zentroa hartuko ditu, baita Mondragon Unibertsitateko (MU) sail desberdinak ere. Goierri Fundazioko egitasmoa da Poloa eta 18 udaletxek eta eskualdeko 44 enpresek osatzen dute. Azpiegiturak 20.300 metro koadro izango ditu eta "balio teknologiko handiko" enpresak bilduko ditu.