Itxi

Mundua

Heathrow eta Manchester

Gorputzeko eskanerrak erabiltzen hasi dira Britainia Handian

Erredakzioa

Iragan Gabonetan Umar Farouk Abdulmutallabek Detroitera (AEB) zihoan hegaldi baten aurka atentatua egiten saiatu ostean, neurri hau aireportuetan ezartzea erabaki zuen Britainia Handiko Gobernuak.

Heathroweko (Londresko mendebaldean) eta Manchesterreko aireportuak gorputzeko eskanerrak erabiltzen hasi dira gaur, hegaldietako segurtasuna indartzeko helburuarekin. Eskanerrek bidaiarien arropen azpian dagoena ikusteko ahalmena dute.

Eskanerrak Birminghameko aireportuan ezarriko dituzte hilabete honetan eta martxotik aurrera Britainia Handiko gainerako aireportuetan izango dira. Iragan Gabonetan Umar Farouk Abdulmutallabek Detroitera (AEB) zihoan hegaldi baten aurka atentatua egiten saiatu ostean, neurri hau aireportuetan ezartzea erabaki zuen Britainia Handiko Gobernuak.

Gorputzeko eskanerretatik bidaiari kopuru mugatu bat bakarrik pasatu beharko dela uste dute, baina pasatzeari uko egiten diotenek hegaldia hartzeko baimenik gabe gera daitezke, Press Assocation (PA) albiste-agentziak jakitera eman duenez.

Askatasunen defendatzaileek gogor kritikatu dute neurria, eskanerrak bidaiarien intimitatea bortxatzen duelako.

Bestalde, Andrew Adonis Garraio ministroak neurria defendatu du eta "segurtasun indarrei armak eta lehergaiak atzematen laguntzeko tresna" bat dela azpimarratu du.