Itxi

Ekonomia

Aldaketak zuzendaritzan

France Telecomen zuzendariak dimisioa emango du, suizidioen ostean

Erredakzioa

Didier Lombardek martxoaren 1ean utziko du kargua, baina presidente izaten jarraituko du. Urte eta erdian 25 langilek bere buruaz beste egin zuten eta kritiken jomuga izan zen Lombard horregatik.

France Telecom taldeak Didier Lomard presidente-zuzendari nagusiak, langileen suizidioak direla eta, kargua utziko duela iragarri du. Stephane Richard egun zuzendariaren bigarrena denak hartuko du enpresako ordezkari nagusiaren kargua.

Lombardek berak egin zion proposamena administrazio kontseiluari eta prentsa agiri batean jakinarazi dutenez, martxoaren 1ean izango da kargu aldaketa. Hasiera batean, berriz, Lombarden erreleboa 2011n izango zela zegoen aurreikusita.

Telekomunikazio taldeak zehaztu du proposamena onartuz gero, Lombardek presidente karguari eutsiko diola, nahiz eta urte eta erdian 25 langilek bere buruaz beste egin eta gero, kritiken jomuga nagusia izan.

Haren ordezkoak, Richardek, "proiektu industrial berria eta gutxi barru aurkeztuko duten kontratu soziala abian jartzeko ardura izango du", adierazi du France Telecomek agirian.

Langileak, kexu

Langile batzuek bere buruaz beste egitea erabaki zuten azken urteotan enpresan egin dituzten berregituraketa prozesuen ondorioz.

Xavier Darcos Frantziako Lan ministroa Lombardekin bildu zen suizidioak saihesteko neurriak har zitzan. Lombardek Le Figaro egunkariari emandako elkarrizketa batean, iragarritako erabakia "taldearen interesaren aldekoa” dela azaldu du.

Suizidioak

Suizidio kopuru handiak ezinegona eragin du Frantziako Estatuan, eta Gobernuak esku hartu zuen eta zuzendaritzari gertakari horiek ikertzeko eskatu zion.

Lombardekin bildu ostean, Gobernuak langileekin negoziatzeko eskatu zion France Telecomi lan-segurtasuna indartzeko eta estres egoerei aurre egiteko.

Frantziako telekomunikazio operadore handiaren sindikatu nagusiak dio berregituraketak eragin dituela suizidioak.