Ekonomia
Langabeziak, gora
Autonomoek ohartarazi dute "muturreko" egoeran daudela
Erredakzioa
ATAk eta UPTAk salatu dutenez, "autonomoen triskantzak bere horretan jarraitzen du". CCOOk, bere aldetik, langabeziaren gorakada ez dela gelditu uste du eta gizarte politikak indartzea eskatu du.
Langabeziaren gorakadak (lau milioitik gora langabe daude Espainiako Estatuan) lan arloko agenteen alarma guztiak piztu ditu. Gaur iragarri duten datu txarraren ostean, berehala iritsi dira erreakzioak.
ATA eta UPTA autonomoen elkarteek ohartarazi dute kolektiboaren lan egoera "muturrekoa" dela eta urtarrileko langabeziaren datuak agerian uzten omen du bere kontura lan egiten dutenen "krisiaren larritasuna".
Hala, "autonomoen kontrako triskantzak eta haien jarduera ekonomikoaren beherakadak bere horretan jarraitzen dutela" azpimarratu dute prentsa-ohar banatan.
ASNEPAk, berriz, Gobernua salatu du autonomoen aldeko neurririk abian jarri ez duelakoan.
ATAren datuen arabera, urtarrilean 500 autonomok galdu zuten lana egunero (16.902k hilabete osoan) eta kolektibo horren lanak % 4 egin du behera urtebetean.
CCOOk, bestalde, langabeziak gora egiten jarraitzen duela, lan merkatuaren gainean krisiak eragiten jarraitzen duela eta langabeziaren gorakadak datozen hilabeteetan ez duela etenik izango uste du.
Prentsa agiri batean, sindikatuak adierazi du sektore guztietan hazi dela langabezia, baina zerbitzuen alorrean izan da hazkunde handiena, langabeen % 82 sektore horretakoak direlako.
UGTk uste du ezinbestekoa dela, enpleguari eusteko eta suspertzeko, teknologiaren berrikuntza helburu duen eredu ekonomikoa, trebakuntza sustatzea eta ekoizpena handitzea.
Horretarako, sindikatuak enpresa berritzaileen sorkuntza eskatu du, lan kostuak murriztu eta lehiakortasuna jazarri beharrean.