Itxi

Gizartea

Eskaera "bideraezina"

AENAk hautsi egin ditu aire-kontrolatzaileekin zituen negoziazioak

Erredakzioa

2012an 780 milioi euroko soldata-masa batetik 910 milioi euroko batera pasatzea eskatu dute kontrolatzaileek.

Konbenio berriaren gainean akordioren bat lortzeko aire-kontrolatzaileekin egiten ari ziren negoziazioak bertan behera geratu dira. Juan Ignacio Lema Espainiako Aireportuak eta Airezko Nabigazioa (AENA) enpresa erakunde publikoaren presidentearen esanetan, "urtarrilaren 11tik izandako elkarrizketetan kontrolatzaileen sindikatuak egin duen blokeoaren aurrean negoziazioak hautsi egin behar izan ditugu; ez dugu beste erremediorik izan".

Lana malgutu eta gastuak Europako gainerako herrialdeetan dituztenen parean utzi nahi ditu erakundeak, baina 2012an 780 milioi euroko soldata-masa bat izatetik 910 milioi eurokoa izatera pasatzea eskatu dute kontrolatzaileek. Eskariak, baina, ezin izan dituzte onartu; izan ere, AENAko presidenteak esan duenez, "ez dituzte zuzendaritzak jarritako helburu bakarra ere betetzen".

Bestalde, negoziazioak apurtzea AENAko zuzendaritzak hartutako aldebakarreko erabakia izan dela esan du Aire-kontrolatzaileen Sindikatuak (USCA), orain arte negoziaketak "behar bezala joan direlako". Gainera, Espainiako Gobernuak euren aurkako kanpaina politikoa hasi duela salatu dute langileek.

Horrela, negoziazioak "kanpoko inposaketa" batengatik bertan behera geratu direla salatu du Rafael Lopez sindikatuko komunikazio idazkariak. "Ez dagoen gatazka bat irudikatu nahian" kanpaina politiko bat hasi dute AENAk eta Sustapen Ministerioak, Lopezen ahotan. "Presio neurririk" ez dutela hartu esan du sindikatuko ordezkariak, are gehiago, "grebarik ez da planteatu eta lanuzterik ez da izango".