Itxi

Politika

2008tik zegoen kartzelan

Barrena espetxetik atera da, baina ezingo du politikan parte hartu

Erredakzioa

50.000 euroko bermea ordaindu behar izan du ANren beste bi urteko behin behineko espetxealdia saihesteko. Ezingo du "atxiloketa eragin zuen antzerako ekintzarik" burutu.

Pernando Barrena Batasuneko buruzagi ohia Aranjuezeko (Madril) kartzelatik atera da arratsaldean, espetxeko iturriek jakinarazi dutenez. 2008tik preso zen Barrena.

50.000 euroko bermea ordaindu ostean aske geratu da Barrena. Fidantza Auzitegi Nazionalak ezarri dio arratsaldean hartutako erabakian.

Ordu batzuk lehenago, Batasuneko kide ohiari behin-behineko espetxealdia bi urte luzatzea erabaki du Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Salak, ANV-EHAK auziagatik.

"Ohiko espetxealdiaren barruan epaiketa egitea ezinezkoa" dela onartu du Salak eta auzipetuak ihes egiteko arriskua baztertu du, izan ere, "aske izan zen denboran prozedurako betebeharrak errespetatu zituen". Gainera, Auzitegi Nazionaleko beste auzi batengatik 200.000 euroko fidantza mantendu diote.

Instrukzio fasea amaituta dago eta dagoeneko frogak deuseztatzeko edo ikerketa oztopatzeko aukerarik ez dago. Hala ere, "delitua berriz egiteko" arriskua dagoela mantentzen dute epaileek.

Horregatik, Barrenari bi urtez eta "lau urteko muga legalera arte" behin-behineko espetxealdia luzatzea erabaki du Salak autoaren bidez. Baina kautela-neurria 50.000 euroko fidantza ordainduz saihestu du Barrenak.

Gainera, auzipetzea eragin zuten antzeko ekitaldietan eta talde edo alderdi politikoen osaketan parte hartzea "debekatu" dio Salak Barrenari.

Espetxealdiaren luzapen eskaera

Pernando Barrenaren eta ANV, EHAK eta Batasunako "mahai nazional berriaren" kontrako sumarioan auzipetutako beste zazpi lagunen behin-behineko espetxealdia luzatzea eskatu zuen Vicente Gonzalez Motak ordezkatutako Ministerio Fiskalak urtarrilaren 21ean. Izan ere, behin-behineko espetxealdiaren bi urteko epe maximoa amaitzear zegoen kasu guztietan.

ETAren "erakunde sarean" parte hartu izanaren zantzu argiak aurkitu zituelako luzapena eskatu zuen fiskalak, eta delitua berriz egiteko arriskua zegoelako.