Itxi

Ekonomia

Otsailaren 7tik 9ra

Donostia bunker bihurtuko da Europako agintarien Goi-bilerarako

Erredakzioa

Lehiakortasun ministroek "Donostiako adierazpena" izango dena onartu nahi dute eta Industria ministroen bileran ibilgailu elektrikoa izango da gai nagusia.

Donostia Lehiakortasunaren Europar Kontseilua egiteko prestakuntzan murgilduta dago egunotan eta segurtasun neurriak izango dira nagusi igandetik asteartera, goi-bilerak iraungo duen artean. Autoen zirkulazioa mugatuko dute eta zabor kontainerrak itxi egingo dituzte.

Odon Elorza Gipuzkoako hiriburuko alkateak eta Mugikortasun, Segurtasun eta Presidentzia zinegotziek neurri horien berri eman dute eta horrekin batera, ulermena eskatu diete herritarrei goi-bilera egingo duten gune garrantzitsuenetan hartuko dituzten neurriengatik.

Kursaal ingurua, bilera garrantzitsuenak izango diren lekua, izango da kaltetuena, izan ere, autoen zirkulazioa galaraziko dute, baina baita Maria Cristina Hotelaren, Miramar Jauregiaren eta Mirakontxaren kaleetan ere.

Gainera, ibilgailuak aparkatzea debekatuko dute erdiguneko eta Groseko hamabost bat kaletan segurtasuna bermatzeko neurri gisa.

Neurri horiengatik, eskola garraioko autobus geraleku batzuk ere itxiko dituzte, eta Udalak hirira bertaratu behar direnei gomendatu die garraio publikoa erabiltzeko hara iristeko eta bestela, hiriaren kanpoaldean dauden aparkalekuak erabiltzeko.

Zabor eta birziklatzeko materialaren bilketak ere mugak izango ditu goi-bilera egiten ari diren bitartean, izan ere, bilerak izango diren lekuetatik gertu dauden kontainerrak itxi egingo dituzte eta zaborrak garai jakin batean bakarrik bota ahal izango dira. Beira kontainerrak, ordea, erabat itxita egongo dira egun horietan.

Horren harira, Udalak eskatu du igandetik asteartera kale erdian "poltsarik ez uzteko".

Informazio gehiago jasotzeko, Udalaren webgunera jotzeko deia egin dute Elorzak eta zinegotziek.

I+G+Bren aldarrikapena

Ekonomia suspertzeko eta garapena bultzatzeko ikerketak, garapenak eta berrikuntzak (I+G+B) duten garrantzia aldarrikatuko dute Europar Batasuneko agintariek.

Industria, Zientzia eta Berrikuntza ministroak bilduko dira, eta "Donostiako Adierazpena" izango dena onartzea dute helburu.

Adierazpen horretan zientziak krisiaren ostean izango duen garrantzia azpimarratuko dute, eta "zientziaren industriak" lanpostuen sorreran egin dezakeen ekarpena.

Industria ministroen bilerak, berriz, ibilgailu elektrikoak izango ditu gai nagusi, eta bertan parte hartuko dute alor horretako ekoizle eta erakunde nagusiek.