Politika
Lore eskaintza
Duela 14 urte hil zuten Fernando Mugica omendu dute Donostian
Erredakzioa
EAEn Gobernu sozialista bat eratzea bere aitaren ametsik nagusienetakoa zela gogoratu du agintari sozialistaren semeak. Rodolfo Ares ekitaldian izan da, beste ordezkari politiko batzuekin batera.
Lagun eta senideek Fernando Mugica omendu egin dute Donostian, bere hilketaren hamalaugarren urteurrenean. Agintari sozialista ohia ETAk hil egin zuen 1996. urtean.
Lore eskaintzan Mugicaren hiru semeak, bere alarguna eta bere Enrique Mugica anaia, orain arartekoa dena, ere izan dira.
Maite Pagazaurtundua Terrorismoaren Biktimen Elkartearen presidentea, Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzako biktimen arretako zuzendaria, Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea eta Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea ere hurbildu dira ekitaldira.
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak hitzaldi bat eman du omenaldian ETAn sartzeko asmoa duten gazteei "kartzelan amaituko dutela" ohartarazteko.
Aresek azpimarratu duenez, ETA "inoiz baino ahulago dago", baina "kalte egin ahal digu oraindik".
Jose Maria Mugica, omendutakoaren semeak EAEn PSEko Gobernu bat eratzea bere aitaren amets nagusienetarikoa zela gogoratu du eta oraingo Jaurlaritzak "terrorismoa jazarri, borrokatu eta kaleratzen duela azpimarratu du, "gizon askeen herrialdea sortzeko asmoarekin".
Jose Maria Mugicak Ares eta EAEko Exekutiboa zuzentzen duten sozialistak zoriondu ditu, "iraintzen gaituzten kartel eta seinaleak kentzeagatik".