Itxi

Mundua

Hauteskundeak

Laura Chinchilla, Costa Ricako lehenengo emakumezko presidentea

Euskadi Irratia

Erredakzioa

Nazio Askapenerako alderdiko hautagaiak botoen % 49 eskuratu du. Sektore guztiekin elkarrizketa hasiko duela eta helburua osasuna, hezkuntza eta segurtasunaren kalitatea hobetzea izango dela esan du.

Laura Chinchilla da Costa Ricako historian presidentetza lortu duen lehen emakumea. Botoen % 60 zenbatu ostean, botoen % 49 eskuratu du Nazio Askapenerako alderdiko hautagaiak.

Laura Chinchilla berak milaka jarraitzaileren aurrean eman du bere garaipenaren berri. Costa Ricako herritarrei hutsik ez diela egingo esan du, eta "Costa Ricako herriak bere ondare preziatuena, konfiantza" eman izana eskertu du.

Sektore guztiekin elkarrizketa hasiko duela hitz eman du eta bere lehen helburua osasun, hezkuntza eta segurtasunaren kalitatea hobetzea izango dela ziurtatu du.

Costa Ricako hauteskunde legeak botoen % 40 eskatzen du bigarren itzulia ez egiteko. Hauteskunde Batzorde Nazionalak emaniko datu ofizialek argi utzi dute ez dela bozketa berririk beharko. Izan ere, botoen % 60 zenbatuta, Chinchillak % 49a lortu duela jakinarazi du Hauteskunde Batzordeak.

Ottón Solís izan da bigarrena botoen % 23,3rekin, Otto Guevara izan da hirugarrena % 21,9rekin.

Hauteskunde kanpainan bi izan dira Chinchillaren egitasmo politikoaren oinarriak: kriminalitatearen aurkako borroka eta enpresa eta merkataritza sustatzeko politikak.

Costa Rica politikoki Hegoamerikako herrialde orekatuena da. Krimen kopurua oso txikia da eta estatuak ez du armadarik. Hala ere, azken urteetan Mexikorako bidean doan droga trafikoaren pasabide bilakatu da Costa Rica.