Itxi

Mundua

Etxe Zurian

David Cameronek ez du Obamarekin argazkirik nahi

Erredakzioa

Kontserbadore britainiarren buruzagiaren aholkulari-taldeak uste du Barack Obamarekin biltzeak bere irudia kaltetu dezakeela datozen hauteskundeei begira.

David Cameron kontserbadore britainiarren buruzagiak ez du Barack Obamarekin argazkirik ateratzerik nahi. Cameronek Obamarekin adeitasunezko bilera bat egitea hitzartuta zuen, baina azkenean uko egingo dio.

Cameronen aholkulariek uste dute argazki horrek bere irudia kaltetu dezakeela, bilera horiek laburrak izaten direlako.

Urte bukaeran, Cameronen aholkulariek Washingtonera bisita egitea proposatu zuten eta Etxe Zuriko funtzionariek Obama bilera labur bat egiteko prest zegoela erantzun zuten.

Alabaina, Cameron dagoeneko bi aldiz bildu da Obamarekin Londresen eta kontserbadoreen buruzagiak jakin badaki Etxe Zurian irudia hobetzeko atera ohi diren argazkiekin askotan kontrako efektua lortzen dela.

Neil Kinnock buruzagi laborista Washingtonera joan zen 1987ko hauteskundeen aurretik eta Ronald Reegan presidenteak ordu erdi ere ez zion eskaini. Gauzak horrela, bisita horrek ez zion inolako mesederik egin iritzi publikoaren aurrean.