Itxi

Politika

PPren balizko mozioa

EAJk baztertu egin du Zapateroren aurkako zentsura mozioa babestea

Erredakzioa

Dena dela, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Andoni Ortuzarrek ohartarazi du ez dutela Zapatero "sostengatuko" haren "erorialdian".

Andoni Ortuzar EAJren BBBko presidenteak ukatu egin du bere alderdiak Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearen aurka zentsura moziorik babestuko duela, krisiari irtenbidea bilatzeko baino, PPk "hauteskundeei begira" aurkeztuko lukeela iritzita.

Bere ustez, gainera, PPren alternatiba ekonomikoak ez dira "sendoak", eta alderdi hori oposizio "erraza" egiten ari dela iritzi dio.

Nolanahi ere, buruzagi jeltzaleak ohartarazi du ez dutela Zapatero "sostengatuko" haren "erorialdian", sozialistek "txarto" tratatu baitituzte.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, buruzagi jeltzaleak adierazi du Zapateroren Gobernuak "iparra" galdu duela eta ez dakiela nola aurre egin krisiari.

Ortuzarren aburuz, Espainiako gobernuburuak "zortea" izan zuen agintaldiko lehen aroan. "Ibilbide politikoa talantearekin eta zortearekin hasi zuen, eta ondo atera zitzaion, baina badirudi gaur egun zortearen txirristatik jausten ari dela", kritikatu du.

Ortuzarrek esan du nazioarteko krisiak "bete-betean" harrapatu duela Zapatero, baina hark ez duela jakin izan "nola erantzun". "Batzuek ondo erantzun dute, baina beste batzuek oso gaizki", gaineratu du.