Itxi

Teknologia

Internet

Baliteke Gmailek Twitterren antzeko zerbitzua ere eskaintzea

Erredakzioa

Wall Street Journal egunkariaren arabera, Googlek aste honetan iragarriko du microblogging zerbitzua gaineratuko diola bere posta elektronikoari.

Twitterren arrakasta azken urteotako ustekabe handienetakoa izan da Interneten, eta oihartzuna, noski, ez da oharkabean pasatu Google erraldoiarentzat.

Izan ere, arrakasta hori ikusita, Googlek microblogging zerbitzu ospetsuaren antzeko erreminta bat gaineratuko du Gmail posta elektroniko zerbitzuan.

The Wall Street Journal egunkariaren arabera, baliteke aste honetan bertan iragartzea konpainiak erreminta berria.

Aipatu iturriak azaldu duenez, zerbitzu berriak egoera berritzeko aukera emango lieke erabiltzaileei, Twitterren eta Facebooken bezala. Ondoren, gainera, egoeraren eguneratze hori Googleren beste hainbat zerbitzutan (YouTube eta Picasa, kasu) egongo litzateke ikusgai.

Duela egun batzuk, Facebookek posta elektroniko zerbitzua sortu asmo duela publikatu zuen TechCrunch webguneak. Zerbitzu berriak Titan izango luke izena, eta Gmaili, Yahoori eta Hotmaili aurre egitea izango litzateke helburua.

Abenduan, Googleren posta zerbitzuak 176 milioi erabiltzaile bakar izan zituen.