Gizartea
Agindu polemikoa
SUPek etorkinak kanporatzeko aginduaren kontra helegitea egingo du
Erredakzioa
Poliziaren sindikatuaren bozeramalearen arabera, Barne Ministerioaren zirkularrak "etorkinen eskubideak urratzen ditu" eta "polizien segurtasun juridikoa arriskuan jartzen du".
Polizia Batuaren Sindikatuak helegitea aurkeztuko du auzitegian, egoera irregularrean dauden etorkinen espedienteak "ahalik eta arinen" tramitatzeko aginduaren kontra.
Zirkular horrek edozein etorkinen atxiloketa prebentiboak sustatzen ditu, dokumentuak izan ala ez, Espainian legezko egoeran dagoela momentuan frogatu ezin badu.
Cadena SER-en egindako elkarrizketa batean, Jose Maria Benito SUPko bozeramaleak adierazi duenez, agindu horrek "etorkinen eskubideak urratzen ditu" eta "polizien segurtasun juridikoa arriskuan jartzen du, atxiloketa prebentiboak egitera bultzatzen gaituelako".
Benitoren arabera, sindikatua "oso kezkatuta" dago, "etorkinenganako tolerantzia ezagatik eta atxiloketak agintzen dituztelako Ministerioak egiten dituen estatistikak loditzeko".
Polizia agintarien eta Ministerioaren lehentasuna "legez kanpoko egoeran dauden etorkinak atxilotzea den" zalantzan jarri dute ere, "guren lehentasuna delituak burutu dituzten pertsonak atzematea denean".