Itxi

Gizartea

Emakumeen kontrako indarkeria

Bere buruaz beste egin du senar ohia tratu txarrengatik epaitzerako

Erredakzioa

Almerian gertatu da ezbeharra, eta ustez emakumeak Facebooken ohartarazi zuen laugarren solairutik salto egiteko asmoa zuela.

Jatorriz Britainia Handikoa zen emakume batek bere buruaz beste egin du Garruchan (Almeria) laugarren solairutik salto eginda, bere senar ohia tratu txarrengatik epaitu behar zuten egunean bertan.

Emakumeak salaketa jarri zuen bikotekide ohiaren kontra tratu txarrengatik. Epaiketaren egunean, gizonezkoa Garruchako Guardia Zibilaren kuartelean zegoen atxilotuta.

Maria Paz Bonet Udaleko zinegotziak esan du gizona atxilotuta zegoela eta Polizia emakumeak Facebooken ustez idatzi zuen mezu bat ikertzen ari dela, bere buruaz beste egiteko asmoa zuela ohartarazten baitzuen bertan.

Zinegotziaren arabera, Udaltzaingoak langile batzuen deia jaso zuen iragan ostiralean emakume bat laugarren solairuko terrazako kanpoaldean eserita zegoela abisua emanaz.

Berehala bertaratu ziren arren, agenteek ezin izan zuten emakumeak salto egitea galarazi.

Garruhako Udaltzaingoaren iturriek ezin izan dute baieztatu Facebookeko mezu hori existitzen ote den eta emakumearen etxebizitzara sartu zirenean ingeleraz idatzitako hainbat gutun zeudela jakinarazi dute.