Itxi

Ekonomia

Txostena

2010a oso urte "gogorra" izango da Gipuzkoako ekonomiarentzat

Erredakzioa

Urtea zenbaki negatiboekin (%0,2) bukatzea espero dute Gipuzkoako bazkundeko arduradunek.

Gipuzkoako enpresentzat 2010 oso urte "gogorra" eta "zaila" izango da, Lurraldeak ez baitu ekonomia hazkunderik nabarituko. Izan ere urtea zenbaki negatiboekin (%0,2 eta %0,4 artean) bukatuko dutela uste du Gipuzkoako bazkundeko presidenteak, Jose Maria Echarrik.

Gipuzkoako Ganberako presidenteak Lurraldeak iaz bizi zuen egoera ekonomikoaz aritu da bere azken prentsaurrekoan. Zortzi urte presidente izan ondoren kargua utziko du Echarrik.

Azaldu duenez, Gipuzkoak % 3ko atzerakadarekin itxi zuen 2009. urtea. Bere esanetan, atzerrian bilatu beharko dute merkatua Gipuzkoako enpresek, gehien hazten ari diren ekonomiak Europatik kanpo datozelako.

2010ean hobekuntza bidean hastea espero badute ere, oraindik emaitza negatiboak izango direla uste du Echarrik: %0,2 eta %0,4 arteko jaitsiera aurreikusi dute 2010 urteari begira.

Finantza sektorean eta dirulaguntza publikoen arloan zer gertatuko den zai, Gipuzkoako Bazkundearen aurreikuspena da enplegu netorik ez dela oraindik sortuko 2010an, eta eraikuntza arloan lanpostuak galdu egingo direla.

Erronka kanpora gehiago saltzea eta esportazioen teknologia maila igotzea dela azpimarratu dute Gipuzkoako Ganberako arduradunek.

Txina, Brasil, India eta Mexico bezelako tokietan saltzea hartu behar dute erronka Gipuzkoako enpresek, Estatu Batuak ahaztu gabe.