Politika
ETAren aurkako operazioa
Ertzaintzak atxilotutako lagunek ETAren bi talde osatzen omen zuten
Erredakzioa
ETAren aurkako azken polizia-operazioan atxilotutako bederatzi lagunek erakunde horretako bi talde independente eratzen zutela eta, ondorioz, bi buruzagi zituztela zabaldu dute.
Ertzaintzak ETAren aurka burututako azken polizia-operazioan atxilotutako lagunek erakunde armatuaren bi talde ezberdin osatzen zutela eta bi buruzagi zituztela zabaldu Efe agentziak ikerketaren iturriak aipatuta.
Talde batek ''Kresala'' zuen izena eta Aitzol Etxaburu ETAko ustezko kide liberatuak -erakundearen soldatapean- zuzentzen zuen; bigarrena, ''Tontor'' izenekoa, Ibon Iparragirreren agindupean omen zegoen.
Lehendabiziko taldea zaharrena da eta 2005ean, Avilan, bonba-auto bat zartarazi izana leporatzen diote, besteak eraso batzuen artean.
Lehen taldea
''Kresala'' taldea, esan bezala, Aitzol Etxaburuk zuzentzen omen zuen. Etxaburu 2009ko abuztuan atxilotu zuten Frantzian egindako polizia-operazio batean. Aipatu taldea Ertzaintzak atxilotutako azken lau lagunek (bi bikote) osatuko lukete: Zunbeltz Bedialauneta, Urtza Alkorta, Igor Martin eta Olaitz Lema.
Arestian esandako iturriaren arabera, talde hori geldiunean omen zegoen, Garikoitz Azpiazu ''Txeroki'' eta honen laguntzailea zen Aitzol Etxaburu atxilotu ostean, ETAren zuzendaritzarekin lotura galdu zutelako.
Bigarren taldea
Ibon Iparragirreren agindupean jarduten omen zuen taldeari, besteak beste, Ertzaintzak Ondarroan duen komisariaren aurka 2008ko irailean egindako atentatua, Gasteizen Vital Kutxaren egoitzaren aurkakoa eta Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanetan parte hartzen duten enpresa batzuen kontra Orion egindakoa leporatzen dizkiote.
ETAren ''Tontor'' taldea, Ertzaintzak hasiera batean atxilo hartu zituen bost lagunek eratzen omen zuten: Ibon Iparragirre, Javier Zubizarreta, Jon Iñaki Esnaola, Xeber Uribe eta Asier Badiola.
Egun, talde hori geldi zegoen; nahiz eta helburu batzuk zehaztuta izan, erakundeko zuzendaritzaren aginduaren zain zeuden atentatuak burutzeko, Efe agentziaren arabera.
Ertzaintzaren polizia-operazioa Ondarroan, Deban, Mutrikun eta Jakan burutu zen, urtarrila bukaeran eta otsaila hasieran. Guztira bederatzi lagun atxilotu zituzten eta 40 kilo lehergai atzeman zituzten zulo ezberdinetan ezkutatuta.