Ekonomia
Euskal Finantzen Kontseilua
Zergetan iaz baino % 16 gutxiago bildu zuten ogasunek EAEn
Erredakzioa
Gipuzkoan izan da murrizketarik handiena (-% 17), izan ere, 3.427 milioi euro gutxiago bildu ziren. Bizkaiak % 15,8 gutxiago bildu zuen eta Arabak % 14ko jaitsiera izan zuen.
Aurreko urtean baino % 15,9 gutxiago jaso zuten EAEko ogasunek krisi ekonomikoaren eraginez. 10.792 milioi euro bildu dituzte, 2008an 12. 834 milioi izan zirenean. Hala ere, diru bilketa aurrikusitakoa baino handiagoa izan zen, urtearen azken hilabeteetan hobera egin baitzuen. Datuak Euskal Finantzen Kontseiluak eman ditu gaur Gasteizen egindako bileraren ostean.
Sozietateen gaineko zergetan, % 27,2 gutxiago bildu zuten aldundiek, 1.231 milioi euro. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan (PFEZ) % 12,1 gutxiago bildu zuten (3.917 milioi euro) eta BEZan murrizketa % 17,3koa izan zen (3.528 milioi euro).
Gipuzkoan izan da murrizketarik handiena (-% 17), izan ere, 3.427 milioi euro gutxiago bildu ziren. Bizkaiak % 15,8 gutxiago bildu zuen (5.615 milioi euro) eta Arabak % 14ko jaitsiera izan zuen (1.748 milioi euro).
Ekarpena Bizkaiari
Gainera, diputazioek eta Eusko Jaurlaritzak akordio bat lortu dute, Bizkaiarentzat ezohiko ekarpen bat onartuz. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak 15,8 milioi euro biltzeari utzi dio, ondarearen gaineko zerga ezabatu duelako. Gipuzkoak, ostera, zerga mota hori indarrean zuen iaz.
Guztiak "pozik" agertu dira zergen "desoreka" horri emandako konponbidearekin, iaz ondarearen gaineko zerga Gipuzkoan bakarrik bildu zutelako. Gipuzkoarren ekarpen garrantzitsu hori "kontutan hartzea" eskatu du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, batez ere krisiaren kontrako egitasmoa lurralde historiko horretan aplikatzeko orduan.
Zenbait orduko bileraren ostean, sistema "neutroa" izateko akordioa lortu dutela adierazi du Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak, zergen "desoreka" zela-eta iaz arazo bat izan zelako. Gipuzkoak ondarearen gaineko zerga mantendu zuen, gainerako aldundiek ezabatu zuten bitartean.
Aguirreren hitzetan, ekarpenen ereduan "eragin oso zitala" zuen desorekak, Bizkaiari "kalte handia" egiten ziolako, gutxi gora behera 15,8 milioi eurokoa.
Bestalde, Euskal Finantzen Kontseiluak, "gure erakunde sistemaren oinarritako batek, funtzionatzen duela baieztatu du beste behin ere", esan du Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak.