Itxi

Politika

Obidosko etxean zeuden

ETAk 300 kilo lehergai prest zituen "berehala" atentatu bat egiteko

Erredakzioa

Bestalde, Barne ministroaren arabera, asteburuan Gipuzkoan atzemandako ETAko ustezko kidea "gaiztakeriaren bat prestatzen" ari zen.

Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak adierazi duenez, atzo Asteasu eta Billabona (Gipuzkoa) artean atxilotutako ustezko ETAko kideak "asmorik txarrenak zituen".

Ibai Beobide Arza fGuardia Zibilaren kontrol batean atxilotu zuten bizikleta batekin zihoala, faltsututako dokumentazioarekin eta pistola batekin. Rubalcabaren arabera, argi dago "ez zegoela kirola egiten, inork ez du kirolik egiten pistola bat eta pen-drive bat gainean daramatzala".

"Gaiztakeriaren bat prestatzen ari zen, ez zekarren ezer onik buruan", errepikatu du Rubalcabak, ETA "behin eta berriro saiatzen ari" dela gehituz.

ETAk Obidosen (Portugal) okupatutako etxebizitzan aurkitu zuten lehergaien inguruan, Barne ministroak "berehalako" atentatu bat egiteko 300 kilo lehergai prestatuta zutela ziurtatu du.

Prestatzen ari ziren materiala ekintza bat egiteko zen, behin lehergaiaren zenbait osagarri nahastu ondoren berehala erabili behar baitira, denbora gutxi igaro ostean eraginkortasuna galtzen baitu.

Horregatik, "gutxi barru" atentatu bat egiteko asmoa zutela ziurtatu du Barne ministroak.