Politika
Aralarren erreakzioa
Abrilek positibotzat jo du agiria eta "pauso gehiago" eskatu ditu
Erredakzioa
Ezker abertzalearen txostena aurrerapauso bat dela uste du Aralarreko koordinatzaileordeak, "bitarteko politiko hutsen aldeko apustua egiten" duelako.
Jon Abrilek, Aralarreko koordinatzaileordeak "oso positibotzat" jo du ezker abertzalearen agiria, "aurrerapauso bat delako, baina ez da dena". Horregatik, "pausu gehiago" beharrezkoak direla deritzo.
Radio Euskadin eskainitako elkarrizketan, ezker abertzalearen mezua "oso argia delako eta bide politiko hutsen alde apustu egiten" duelako pozik agertu da Abril.
Aralarreko koordinatzaileordearen ustez, ETAk "zeresana du prozesu honetan" eta "borroka armatuaren bidearekin jarraitzea" erabakiz gero, ezker abertzaleak "ETAren aurka jarrera hartu beharko" lukeela deritzo, bere interesei kalte egiten diolako.
Zentzu horretan, hau "prozesu baten hasiera" dela baieztatu du eta "ETAren hitzek eta ekintzek lan horren nondik norakoak baldintzatuko" dituela uste du. Halaber, ETArik gabeko mapa politikoa "iraultza bat" izango litzatekeela esan du.
Espainiako Gobernuari buruz galdetu diotenean, "prozesua lagundu dezakeen lasaitze keinuren bat egon" daitekeela espero du.