Teknologia
Mobile World Congress
Googlek dio bere helburua ez dela inbertsioak egitea
Erredakzioa
Eric Schmidt kontseilari ordezkariak horrela erantzun dio Telefonicaren presidenteak egindako adierazpenei. Cesar Aliertak errefusatu egin zuen bilatzaileek telekomunikazio sareak doan erabiltzea.
Eric Schmidt Googlen kontseilari ordezkariak esan du bere konpainiak inbertsioak egiten baditu ere (AEBetan abiadura handiko sarea zabaltzeko proiektu bat abiatu du), bere helburu nagusia ez dela operadore baten moduko sare batetan inbertitzea.
Horrelaxe erantzun dio Cesar Alierta Telefonicaren presidenteak egin zituen adierazpenei, izan ere, hark errefusatu egin zuen bilatzaileek telekomunikazio sareak "ezer ordaindu gabe" erabiltzea.
Bartzelonan egiten ari diren Mobile World Congressen emandako hitzaldian, Schimdtek sakelako telefonoaren garrantzia azpimarratu du: "Sakelakoa da garrantzitsuena, denok elkartzen gaitu eta elkarrekin egin behar dugu lan". Era berean, laino egiturazko zerbitzuak ("cloud computing") eta "smartphone" edo sakelako inteligenteak ere goraipatu ditu.
Schmidtek onartu egin du sare inteligenteetan inbertsioak egin behar direla eta mezua igorri die operadoreei, inbertitutakoa berreskuratzeko nahikoa negozio egongo dela esanez: "Inbertsioa itzuli egingo da, era askotan".