Politika
Adierazpenak
Urkullu: "Lopezek ez du EAJrekin akordiorik lortu nahi"
Erredakzioa
Bere esanetan, "Gobernu honen jarduteko moduek bere Gobernu egitasmoa osatzen dute: antzezpen mediatiko hutsa".
Iñigo Urkullu EAJko presidentearen ustez, Eusko Jaurlaritzak ez du akordiorik lortu nahi jeltzaleekin. Gaineratu duenez, "erratuta daude EAJ bere onetik ateratzea edo gizartean lotsagarri uztea bilatzen badute".
Bere esanetan, "Gobernu honen jarduteko moduek bere Gobernu egitasmoa osatzen dute: antzezpen mediatiko hutsa".
Argi dago Alderdi Popularrarekin Gobernu ituna dutela,eta ez dutela inolako babesik behar edo nahi. Beren erabakia da, eta beren ardura", gaineratu du.
Urkulluren ustez, Patxi Lopez lehendakariak ez dauka EAJrekin edota Foru Aldundiekin akordioetara iristeko "benetako borondaterik".
"Gaurko honetan, beste behin ere ikusi dugu hau Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko Garraioen Partzuergoaren aurrekontua eragotzi duenean, eta ondorioz Herrialdean metroa zabaltzeko dagoen beharrizanari ekitea eragotzi duenean".
Bere hitzetan, "kontua ez da soilik ez egitea, eragotzi eta oztopatu egiten dizkigute Euskadirentzat beharrezkoak diren egitasmoak".
Azken hiru hamarkadetan, "Euskadiren eta hiritarren zerbitzura egoteko konpromisoak, erakundeekiko eta elkarrizketarekiko begiruneak gidatu gaituzte, horiek direlakoan politika egiteko tresna nagusiak".
"Era berean jardungo dugu geroan ere, Eusko Jaurlaritza beren irudi publikoa eta alderdi interesak balore hauen gainetik lehenesten dituztenen pertsonen eskuetan egon arren".