Gizartea
Ezusteko iragarpena
Klima Aldaketari buruzko NBEren Batzordeko buruak dimititu egin du
Erredakzioa
Yvo de Boerrek iragarri du uztailaren 1ean utziko duela kargua. Adituek uste dute Kopenhagen klima aldaketaren inguruan egindako goi-bileraren porrotaren ondotik hartu duela erabaki hau.
Yvo de Boer Klima Aldaketa-ri buruzko Nazio Batuen Erakundearen Batzordeko presidenteak iragarri du kargua utziko duela uztailaren 1ean. Agiri batean, De Boerrek zehaztu du aurrerantzean "erronka berriei" egingo diela aurre, klimari buruzko gaietan, baina sektore pribatuan.
Idazkari exekutiboak ohar batean azaldu duenez, datorren uztailaren 1etik aurrera KPMG aholkularitza enpresa alemaniarrean egingo du lan.
"Beti esan dut gobernuek jarri behar dutela klima-aldaketari aurre egiteko beharrezkoa den marko politikoa, baina benetako konponbidea enpresengandik etorri behar dela", dio agiri batean.
Joan den abenduan egin zen Kopenhageko goi-bileran konpromezu loteslerik izan ez zela onartzen du, baina isuri gutxiko mundua lortzeko apustu politiko argia egin zela nabarmendu du. "Horretarako enpresen artean elkarlanerako bitarteko berriak sortzea ezinbestekoa da eta nik horretan lagunduko dut orain", zehaztu du.
Konpenhageko goi-bileraz balantze negatiboa egiteari uko egin badio ere, adituek uste dute hein handi batean goi-bilera horren porrotaren ondorioz hartu duela aipatu erabakia.
Kopenhageko bileran akordio garrantzitsu bat erdiesteko apustua egin zuen Klima Aldaketari buruzko NBEren Batzordeko buruzagiak, baina ez zen horrelakorik gertatu.
De Boerrek 55 urte ditu eta 2006an hartu zuen aipatu kargua. Aurretik, Holandako Ingurumen Ministerioko zuzendariordea izan zen eta Txinako Gobernuarentzat eta Munduko Bankuarentzat aholkulari lanetan ere aritu izan da.
Agirian zehaztu duenez, kargua utzi arte, urte amaieran Mexiko egingo den klima aldaketari buruzko goi-bilera prestatzen arituko da.