Itxi

Mundua

1993 eta 2007 artean

Haurren leuzemia kasuak bikoiztu egin dira Irak hegoaldean

Erredakzioa

Basorako datuak dira, gerrak gehien zigortu duen eremukoak. Gaixotasunen gorakada petrolio putzuen suteekin, arma kimikoen erabilerarekin eta pobretutako uraniozko munizioarekin omen du zerikusia.

Haurren leuzemia kasuak bikoiztu egin ziren 1993 eta 2007 artean Basora probintzian, Irak hegoaldeko probintzian, gerrak gehien zigortutako eremuan, Washingtongo Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera.

Ikerketan, American Journal of Public Healthen argitaratutakoan, ez dira gaixotasun kopuruaren gorakada eragin duten arrazoiak azaltzen, baina ikertzaileen hipotesiek diote Iraken 1980tik izan diren petrolio putzuen suteekin, arma kimikoen erabilerarekin eta pobretutako uraniozko munizioaren erabilerarekin duela zerikusia.

Basora probintzia estrategikoak, Bagdadetik 400 bat kilometrora dagoenak, muga egiten du Iranekin eta Kuwaitekin eta aberatsa da petrolio putzuetan. Hori dela eta, Irak-Iran gerran, 1080-1988 artean, gehien zigortu zuten eremuetako bat da, baina baita Golkoko gerran (1991n) eta AEBen inbasioan ere (2003).

Era berean, petrolioaren hornidura eskasa zela eta, haurrek bentzenoa saltzen zuten errepidean eta material horrekin kontaktuan egoteak ere eragin lezake haurren leuzemia, ikertzaileen arabera.

15 urteko ikerketa

Ikertutako 15 urteetan, 698 haurrek hartu zuten leuzemia, denak 0 eta 14 urte arteko haurrak, eta 2006an 211 kasu berriko gorakada izan zen.

Haurren leuzemia kasuak 100.000 haurretik 3koa izatetik 100.000tik 8,5era iritsi zen, Amy Hagopianek, txostenaren ikertzaile nagusiak eta Washingtongo Unibertsitateko osasun saileko kideak, azaldu duenez.

Datu horiek alderatuta, Europar Batasunean eta AEBetan haurren leuzemia kasuak 4 eta 5 dira 100.000tik, eta Kuwaiten kopurua 2ra jaisten da.