Athletic Club
Prentsaurrekoa Ibaiganen
Athletic: Macuak "ez du" baloratu gura izan Ertzaintzaren lana
Haritz Gallastegi
Lezama
Zuzendaritzak neurriak hartzeko eskatuko dio Klubeko Disziplina Batzordeari.
Athleticek eta Anderlechtek jokatu zuten neurketaren ostean egon ziren istiluek bigarren mailan utzi dute kirol balorazioa. Futbol munduan ez da beste ezeren gainean berba egiten. Horregatik, Fernando Garcia Macua Athleticeko presidenteak azalpenak eman behar izan ditu. Presidenteak gogor kritikatu zuen neurketa ostean segurtasun neurriek egindako lana. Gaur, epelagoa izan da balorazioa egiterako orduan. "Nik ezin dut esan Ertzaintzak ondo edo txarto egin zuen bere lana. Ez dagokit niri balorazio hori egitea. Hori bai, beharrezkoa da autokritika egitea. Segurtasunari dagokionez hutsuneak egon ziren", adierazi du Garcia Macuak.
Athletic ez da eskuak gurutzatuta geratuko. Zuzendaritzak beharrrezkoak diren neurri guztiak hartzeko eskatu dio Klubeko Disziplina Batzordeari. "Gertatu zenaren erru guztia istiluetan parte hartu zuten zaleena dela esan behar dut. Talde batekoena eta bestekoena. Istiluetan parte hartu zutenak bazkideeak badira zigor gogorra izango dute. Eta ez badira, San Mameseko ateak betiko isten ahaleginduko gara".
Athletic-Paraguay neurketaren aurkezpena
Bigarren mailan geratu arren, Athleticek eta Bizkaiko Futbol Federazioak gaur aurkeztu dute lurraldeko 160 taldeei ekonomikoki laguntzeko antolatu duten partida. Paraguayko selekzioa izango da zuri-gorrien aurkaria martxoaren 3an jokatuko den neurketan. Sarrerak merkeak izango dira. 8 eta 15 euro artean nagusientzat eta merkeagoak gaztetxoentzat. Antolatzaileek 340.000 euro eskuratzea espero dute.