Itxi

Politika

Arrazoi humanitarioengatik

Kartzelatik atera eta etxean beteko du bere zigorra Rego Vidalek

Erredakzioa

ETAko preso honen osasun egoera larria da; hori horrela, "arrazoi humanitarioak zirela eta" De Juana Chaosi kartzelatik ateratzeko ezarri zioten artikulu berdina erabili dute Rego Vidalen kasuan.

Atzo kartzelatik atera zen Juan Jose Rego Vidal, Erregea hiltzen saiatu zen ETAko kidea. Bere osasun egoera larria dela eta utzi du kartzela, baina zigorra beteko du etxean sistema telematiko bati esker. Azken urteotan ospitalean izan da bihotz-arazoak direla eta. 2015ean beteko du bere zigorra Rego Vidalek.

70 urte ditu eta Intxaurrondokoa (Gipuzkoa) da. 1995eko abuztuaren 9an atxilotu zuen Polizia Nazionalak. "Arrazoi humanitarioak zirela eta" gose greba egin ostean De Juana Chaosi kartzelatik ateratzeko ezarri zioten artikulu berdina erabili dute Rego Vidalen kasuan.

Urtarrilaren amaieran berriz gaixotu ostean, espetxeko agintariek kartzelatik ateratzea erabaki zuten arrazoi humanitarioengatik.

Presoaren osasun egoera larria da. Besteak beste, diabetesa, hipertentsioa, ikusmen eta entzumen-arazoak eta prostatako hipertrofia dauka.

Datorren martxoan bere zigorraren hiru laurdenak beteko ditu (2015era arteko espetxe-zigorra bete behar zuen). Gelditzen zaion kartzela-zigorra etxean beteko du eskumuturreko elektroniko bati esker.