Itxi

Ekonomia

"Neurriz kanpoko" klausulak

22 finantza-entitate salatu ditu ADICAEk

Erredakzioa

Espainiako ia milioi bat familiari eragin diezaiekete "neurriz kanpoko" klausulek. Klausula horiekin interes-tasek behera egitean hipoteken bezeroek jaso dezaketen onura galdu egiten dute.

Espainiako 22 finantza-entitateren kontrako salaketa aurkeztu du gaur Madrilgo epaitegietan Banketxe, Aseguru-etxe eta Aurrezki-kutxetako Bezeroen Elkarteak (ADICAE). "Neurriz kanpoko" klausulek hipoteken bezeroei interes-tasen beherakadatik onura ateratzea ekiditen dietelako.

Espainian diren zenbait banketxek eta aurrezki-kutxek "finantza-krisia ordainarazi nahi diete hipoteketan arazo larriak dituzten kontsumitzaile zorpetuenei", azaldu zuen ADICAEk atzo, komunikatu baten bidez.

Espainiako ia milioi bat familiari eragin diezaiekete "neurriz kanpoko" klausulek. Klausula horiekin interes-tasek behera egitean hipoteken bezeroek jaso dezaketen onura galdu egiten dute, Manuel Pardos ADICAEko presidenteak gaur azaldu duenez.

Salaketan 239 kaltetu ordezkatzen dituztela esan du Pardosek, baina ADICAE familia gehiago biltzeko kanpaina egiten hasi dela erantsi du.

Entitateak

Horrela, BBVA, Banco Castilla, Banco Galicia, Banco Pastor, Banco Popular, Banco Sabadell eta Banco Vasconia finantza-entitateak salatu dituzte.

Aurrezki-kutxen artean, Caixa Cataluña, Caja España, Caja Extremadura, Caixa Galicia, Caixa Girona, Caja Inmaculada, Cajamar, Caixa Nova, Caixa Penedes, Caja Rural de Aragon, Caixa Sabadell, Caja Duero, Caja San Fernando, Caja Segovia eta Caja Tarragona dira.