Itxi

Gizartea

Ustez semeak hil du

Lasarteko auzokideak bildu dira emakume baten hilketa gaitzesteko

Erredakzioa

Lasarteko Udalak deitu du kontzentraziora. Biktimaren semeak arazo psikiatrikoak ditu eta Gipuzkoako Aldundiaren babespean zegoen.

Ehunka lagun bildu dira Lasarten (Gipuzkoa) bertako auzokide baten hilketa, bere semearen eskutan, gaitzesteko. 23 urteko mutilak hainbat labankada eman zizkion amari eta hil egin zuen.

Kontzentrazioa udaletxearen aurrean egin dute eta Mariola Serrano Eusko Jaurlaritzako Emakumeen Kontrako Indarkeria Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendaria, Arantxa Elizondo Emakundeko idazkari orokorra eta Ana Urtxuegia Lasarteko alkatea izan dira bertan.

Urtxuegiak kasu berri hori "sistemak huts egin" duelako gertatu dela salatu du, arazo psikiatrikoak dituen gaztea Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean zegoelako eta 18 urte bete zituenean, "horrelako jendearentzako baliabide eta sare egokiak ez daudenez", babes gabe gelditu zen.

Alkatearen arabera, amak "osasun sare publikoak" konpondu beharko luketen "arazoak pairatzen ari dira kasu askotan".

Auzokideen arabera, amak eta semeak eztabaida asko zituzten baina horrelako zerbait gertatuko zenik ez zuten espero.

Datorren astelehenean Lasarteko Udalak ohiz kanpoko batzarra egingo du gaitzespen dokumentu bat adosteko eta beste kontzentrazio bat egingo dute ondoren, hildako auzokidearen omenez.