Mundua
Hilketa
Telefono deiek Mossadekin erlazionatu dute Mabhuhen hilketa
Erredakzioa
Dubaiko Poliziaren buruzagiaren arabera, Hamaseko agintariaren ustezko hiltzaileek egindako deiak Israelgo zerbitzu sekretuekin lotuta daude.
Dubaiko Poliziaren buruzagiak adierazi duenez, Mahmud al Mabhuh Hamaseko agintaria hil zuten susmagarriek egindako telefono deiak Mossad Israelgo zerbitzu sekretuak erlazionatu dituzte krimenarekin.
Hala ere, ez dituzte datu gehiago eman ikerketaren inguruan eta telefono deiak hilketaren aurretik ala ondoren egindakoak diren ez dute argitu.
Polizia buruzagiaren arabera, "hiltzaileek faltsututako pasaporte berdinak erabili zituzten herrialde batzuen artean egindako bidaietan" eta "Mossad krimenarekin % 99,9an erlazionatuta dagoela" errepikatu du.
Dubaiko Poliziak Israelgo Mossaden buruzagia atxilotzea eskatu dio Interpoli, Hamaseko agintariaren hilketan parte hartu duela frogatzen bada.
Hilketa 11 pertsonek osatutako talde batek burutu zuen, susmagarrietako sei britainiarrak dira, hiru irlandarrak, bat frantziarra eta beste bat alemaniarra.