Itxi

Athletic Club

Europa League

Ertzaintzak babestuko ditu Athleticen zaleak Bruselan

Erredakzioa

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak zuzenduko du Belgikako hiriburura joango diren euskal agenteen lana, osteguneko partidan.

Ertzaintzako agenteak Bruselara joango dira euskal zaleak babesteko eta Belgikako Poliziarekin lankidetzan aritzeko.

Rafael Iturriaga Segurtasun sailburuordea bera izango da Ertzaintzaren taldearen buru eta Bruselara joango da segurtasun lanetan laguntzeko.

Normalean futbol partiden segurtasunaz arduratzen diren ertzainek osatuko dute dispositibo berezia eta haiek izan dira saldutako sarrerei eta antolatutako bidaiei buruzko informazioa bildu dutenak.

Ostegun goizean, Ertzaintza eta Belgikako Polizia bildu egingo dira eta horiek harremanetan izango dira Athleticeko eta Anderlechteko segurtasun teknikariekin, estadio barruko eta kanpoko lana banatzeko.

Aholkuak

Ertzaintzak taldeetan mugitzeko aholkua helarazi die Athletic zaleei, hau da, momentu oro zale taldeak osa ditzatela hirian zehar ibiltzeko eta estadioan sartzeko.

Era berean, lasaitasunez jokatzeko eta talde erradikalen probokazioari jaramonik ez egiteko aholkatu diete.