Politika
Erabakia
Terrorismoaren Biktimen Euskal Batzordea sortuko du Jaurlaritzak
Erredakzioa
Batzorde honek administrazioa eta biktimen erakundeak uztartuko ditu eta beraiekin nolabaiteko zerikusia duten politika publikoetan biktimek duten partehartzea bideratuko du.
Terrorismoaren Biktimen partaidetzaren Euskal Batzordea sortzea ahalbidetuko duen Dekretua onartu du gaur Eusko Jaurlaritzako kontseiluak eguerdian egindako batzarrean.
Ohar batean azaldu dutenez, Batzorde honek administrazioa eta biktimen erakundeak uztartuko ditu eta beraiekin nolabaiteko zerikusia duten politika publikoetan biktimek duten partehartzea bideratuko du.
Euskal Batzorde berri honen eraketa Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko 2008ko ekainean onartutako Legean aurrikusitako neurrietako bat da. "Honen bitartez lortu nahi da, biktimen beraien eskakizun eta iritzien bitartez, pixkanaka azaleratuz joatea politika publikoek ase beharko lituzketen beharrak", esan du Jaurlaritzak.
Batzorde berriaren funtzio aipagarrienak dira ondorengoak: biktimen erakundeen eta euskal administrazio publikoen arteko harremanak bideratzea, Eusko Jaurlaritzari laguntza eta baes publikoak banatzeko proposamenak aurkeztea, biktimekiko Jaurlaritzak dituen asmoak ezagutzea eta beraiekiko politika publikoak hobetzeko beharrezkoak direla uste duen edozein proposamen administrazioaren aurrean aurkeztea, besteak beste.
Osaerari dagokionean, Administrazioko kideak eta gizarte zibilekoak uztartuko ditu batzorde honek. Herrizaingo Saileko eta Terrorismoko Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzako ordezkariak eta Herrizaingo sailburua izango dira Jaurlaritzako aldeko kideak eta gizarte esparrukoak, aldiz, biktimei laguntzea xede duten erakunde eta fundazioetako kideak eta erakunde bakezaleetako kideak izango dira sortu berri den Batzordean.