Politika
Beste lau hel daitezke
Guantanomitik iritsitako lehen presoa hartu du Espainiak
Erredakzioa
Presoa palestinarra da eta zigorra beteta dauka. Mugitzeko askatasuna izango du, baina ezin izango da Estatutik atera. Bestalde, Gobernuak "albiste onak" espero ditu Mauritaniako bahiketaren harira.
Alfredo Perez Rubalcabak Kongresuan jakitera eman duenez, gaur goizaldean heldu da Guantanamoko lehen presoa Espainiara. Mugitzeko askatasuna izango du, AEBetan nahiz Europar Batasunean Justiziarekin zituen zor guztiak kitatuta dituelako. Alabaina, ezin izango da Espainiatik atera.
Presoa jatorriz palestinarra da, baina Barne ministroak ez du xehetasun gehiago eman nahi izan, Espainiara "euren bizimodua berregitera datozelako".
Rubalcabak gogoratu du Guantanamo ixteko konpromisioa hartu zutela Europar Batasunak eta Espainiak, "arrazoi humanitarioak tarteko eta kartzela hori terrorismo islamiarraren kontrako borrokarekin bateragarria ez delako".
Horrez gain, Barne ministroak azaldu duenez, Espainiak Guantanamotik etorritako bost preso hartuko ditu gehienez eta guztiek zigorra beteta izango dute.
Mauritaniako bahiketa
Bestalde, Alfredo Perez Rubalcaba ziur agertu da Mauritanian bahitutako hiru kooperante katalanen inguruan "albiste onak" izango direla. Espainiako Gobernuak hirurak libre geratzeko "lanean gogor" jarraitzen duela erantsi du.
Alicia Gamez, Albert Vilalta eta Roque Pascual kooperanteek Bartzelonako Accio Solidaria Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat egiten dute lan eta 2009ko azaroaren 29an bahitu zituzten Mauritanian.