Osasuna
Adierazpenak
Ruper (Osasuna): "Beti jokatzea nahiko nuke, baina 22 urte ditut"
Asier Legarda
Taxoare
Bere lehen denboraldian ekarpen ona egiten ari dela jakin arren, Aiegiko euskarriak badaki pazientzia eta lasaitasuna izan behar dituela.
Ruper ezusteko gozoa ematen ari da sasoi honetan Osasunan. Aiegiko erdilariak Ligako 17 partidatan eta Kopako 6tan hartu du parte dagoeneko sasoi honetan, nahiz eta Ligan sei aldiz soilik izan den hasierako hamaikakoan.
"Beti 90 minutuak jokatzea nahiko nuke, baina bi euskarri zoragarri ditu talde honek, eta nire lehen sasoian maila txukuna ematen ari naizela jakin arren badakit 22 urte ditudala, nire lehen urtea dela eta pazientzia eta lasaitasuna beharrezkoak direla", esan du gaur Osasunako harrobiko jokalariak Taxoaren.
Valladoliden aurkako norgehiagokan goleko pasea eman zuelako pozik azaldu da Ruper, dena dela: "Taldeari puntu bat lortzen laguntzeko zortea izan nuen, eta hori da ordezkoen aulkitik zelairatzen zarenean izaten duzun asmoa: taldeari bultzakadatxoa eta freskotasuna ematea", ziurtatu du.