Itxi

Politika

Auzitegi Nazionala

Epaileak gaur galdekatuko ditu Urko Izagirre eta Enrique Noya

Erredakzioa

Asteartean atxilotu zituzten, ETAri laguntza ematea egotzita. Atxilotuen inguruko iturriek azaldu dutenez, Poliziak ez du lehergailuak egiteko esku-libururik atzeman miaketetan.

Urko Izagirre eta Enrique Noya joan den asteartean atxilotu zituen Poliziak, ETAri laguntza ematea leporatuta, eta gaur arratsaldean eramango dituzte Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera.

Guardia Zibilak Calahorran (Errioxa) duen koartelaren aurka ETAk 2008ko martxoan egin zuen atentatuarekin lotzen ditu Poliziak.Zehazki, erasoa burutzeko furgoneta bat uztea egozten diete, nahiz eta ibilgailu hori ez zen bomba-auto bezala erabili.

Urko Izagirre Algortan atxilotu zuten eta Enrique Noya Bilbon.

''Kloratita'' izeneko liburua

Bestalde, Izagirre eta Noya atxilotu eta ordu batzuetara, Poliziak lehergailuak egiteko ''Kloratita'' deitutako esku-liburu bat topatu zuela zabaldu zuten albiste-agentziek, Barne Ministerioa iturri bezala aipatuta.

Alabaina, atxilotuen inguruko iturriek azaldu dutenez, agenteek atxilotuetako bati atzemandakoa ''Kloratita'' izeneko musika talde bizkaitarraren lana baino ez da. Talde horrek disko-liburua kaleratu zuen 2006an, ''Kloratita'' izenarekin.