Osasuna
Hedabideen aurrean izan da
Nekounam (Osasuna): "Europarako sailkatu gaitezke"
Asier Legarda
Taxoare
Euskarri irandarrak lorpen gosea erakutsi du berriz, eta El Molinonen irabaztea espero du.
Javad Nekounam irandarrak laugarren denboraldia du Osasunan eta Iruñera iritsiz gerotik lehendabiziko aldiz itzultzailearen laguntzarik gabe agertu da gaur hedabideen aurrean. Gutxitan hitzegiten du irandarrak, baina hitzegiten duen bakoitzean baikor eta lorpen gosearekin azaldu ohi da eta gaur ere halaxe izan da: "Bai, nire azken agerraldian bezalaxe pentsatzen jarraitzen dut, Gijonen irabaziz gero Europako sailkapena ematen duten postuak gertuago ikusiko ditugu eta lor dezakegula uste dut", esan du taldearen aukeren inguruan.
Carlos Arandak taldekideak agerraldia hasi baino segundo apur batzuk lehenago ,irribarretsu, mailari eusteaz hitzegiteko eta Txapeldunen Liga eta UEFAz hitzegiteko goizegi dela gogoratu badio ere. "Honek -Arandari buruz- eta beste taldekide askok Europari buruz hitzegiten dute beti aldagelan, eta nik ere aurrera eta gora begiratu ohi dut beti", esan du Nekounamek.
Igandekoa partida zaila dela onartu arren, euskarri irandarraren ustez Osasunak partida irabazteko aukerak izango ditu Gijonen, eta bere ekarpenari buruz ere mintzatu da: "Azken partidan zutoinera bidali nituen bi baloi horiek sarean amaituko zuten iragan sasoian, baina aurten zorterik ez daukat. Dena dela, nik beti %100a ematea izaten dut helburu, baina helburua beti lortuko banu Osasunan jokatu ordez Real Madrilen ala Bartzelonan jokatuko nukeela argi dago", baieztatu du Nekounamek.