Politika
Eskumenak
Laneko Ikuskatzailetza bere gain hartuko du Kataluniak
Erredakzioa
Manuel Chaves Lurralde Politikarako ministroa eta Joan Saura Generalitateko Barne kontseilaria pozik agertu dira lortutako akordioarekin.
Kataluniako Gobernuak Laneko eta Gizarte-Segurantzako Ikuskatzailetza eskumena bere gain hartuko du datorren astelehenetik aurrera. Horrela, transferentzia hori hartzen duen lehen erkidegoa izango da.
Prentsaurrekoan, Manuel Chaves Lurralde Politikarako ministroa eta Joan Saura Generalitateko Barne kontseilaria pozik agertu dira akordioarekin, Kataluniako Estatutua garatzea suposatzen duelako. Era berean, Justizia alorrean baliabideak gehitzea onartu dutela iragarri dute.
11,9 milioi euroko kostua izango du akordioak eta 249 lanpostu emango dizkio Generalitateari, Chavesen eta Sauraren hitzetan.
Datorren astelehenetik aurrera legeen eta hitzarmen kolektiboen arauen edukia betetzen den aztertuko du Generalitateak, Lurralde Politikarako ministroak esan duenez.
Azken hilabeteetan laga den transferentzia garrantzitsuenetarikoa izan da gaurkoa.
Laguntza teknikoa
Enpresek eta langileek behar duten laguntza teknikoa kudeatuko duela gaineratu du Generalitateak. Administrazio publikoen erakundeei dagokionez, gizarte arauen edota diru-laguntza publikoen kudeaketaz ere arduratuko da eta erakunde judizialak eskatzen dituzten txostenak, arbitrajeak, adiskidetza lanak eta lan-arazoetan bitartekotza lanak egingo ditu.
Halaber, Laneko eta Gizarte-Segurantzako Ikuskatzailetzako funtzionariei eta ikuskatzaileordei dagokionez, Estatuak Katalunian zituen funtzioak Generalitatearen esku geratuko dira. Organikoki eta funtzionalki administrazio publikoaren esku geratuko da.