Itxi

Politika

Elkarrizketa Radio Euskadin

Larrazabal (EA): "Aberri Egun zabala egiteko unea heldu da"

Erredakzioa

Dena dela, EAko legebiltzarkideak esan du "mugimendu sozial batek" egin beharko lukeela deialdia, ondoren alderdiek bat egiteko.

Jesus Maria Larrazabal EAko legebiltzarkideak uste du "unea heldu dela" independentziaren alde dauden alderdiek "Aberri Egun zabala" egin dezaten. Dena dela, deialdia "mugimendu sozial zabal batek" egin beharko lukeela iritzi dio, ondoren "bide horretatik aurrera egin behar dela" uste duten alderdiek bat egin dezaten.

Radio Euskadin gaur goizean egin dioten elkarrizketa batean, Larrazabalek nabarmendu du beharrezkoa dela "batera" egotea "batzen gaituena defendatzen".

"Eta nik uste dut hori gertatuko dela aurten", ziurtatu du legebiltzarkideak.

Ezker abertzalea

Bestalde, hurrengo hauteskundeen parte hartu ahal izateko ezker abertzaleari lagunduko dioten galdetu diotenean, Larrazabalek erantzun du ez dakiela "zer laguntza" beharko duen, "''Zutik Euskal Herria'' txostenean alderdi politiko berri bat sortzen saiatuko direla ondoriozta daitekeelako".

Hori horrela, "itxaron" egin beharko dutela azaldu du, "alderdi politiko berri bat badago, alderdi horrek beste batzuekin bat egin lezakeelako, hauteskundeen aurretik edo ostean".

Eta alderdi hori "legeztatzen ez badute", "beste hauteskunde formularik dagoen" aztertu beharko dute. "Oraingoz, lehen urratsak egiten ari dira haien hauteskunde zerrendak egiteko", amaitu du.