Gizartea
Estatuko datuak
Lan istripuz hildakoak %22 gutxitu dira 2009an
Erredakzioa
Hildako gehien izan zituen jarduera eraikuntza izan zen. Guztira, 1.456.777 lan istripu jazo ziren iaz.
Iaz 632 lan istripu izan ziren Estatuan zeinetan langileren bat hil zen, hots, aurreko urtean baino 178 langile gutxiago hil ziren (%22 gutxiago), Espainiako Gobernuaren Lan eta Immigrazio Ministerioaren datuen arabera.
Lanpostura bidean langileren bat hil zen istripuak ere %23,9 gutxitu ziren (194 iaz, eta 255 aurreko urtean).
Guztira, 2009an 1.456.777 lan istripu jazo ziren, 2008an baino %15 gutxiago. Istripu horietako 681.950tan biktimek baja hartu behar izan zuten, eta 774.827tan ez.
Sektoreka, gehienak (%45,6) zerbitzuetan jazo ziren, eraikuntzan %26,3, industrian %18,7 eta nekazaritzan %9,5.
Hildako gehien izan zituen jarduera eraikuntza izan zen (166), ondoren garraioa eta biltegi lanak (95); manufaktura-industria (89); merkataritza eta ibilgailu tailerrak (74); eta nekazaritza, abeltzaintza, basozaintza eta arrantza (60).
Heriotz istripu gehien Kataluniak izan zituen (100), ondoren Andaluziak (83), Madrilek (77) eta Galiziak (71).
Gutxien, aldiz, Errioxak (3), Baleare Uharteek (8) eta Extremadurak (9).