Ekonomia
Lehen bilera, asteazkenean
Lehendakariak bere Aholkulari Taldeko kideen izenak jakinarazi ditu
Erredakzioa
Krisi ekonomikoari nola aurre egin aholkatuko diote Patxi Lopezi. Aditu horien artean, Jose Antonio Ardanza (Euskaltel), Mario Fernandez (BBK) eta Josu Jon Imaz (Petronor) daude.
Patxi Lopez lehendakariaren Ekonomia Gaietarako Ahokulari Kontseilua datorren asteazkenean osatuko da ofizialki Ajuria Enean egingo duten bileran.
Eusko Jaurlaritzak gogoratu duenez, kontseilu horren helburua "ekonomiaren garapen jasangarrirako eta gizartearen aurrerapenerako etorkizunean hartu behar diren politika ezberdinen inguruko ideiak eta hausnarketak lehendakarira helaraztea izango da".
Aholkulari Kontseilu hori Euskadin "izen ona eta esperientzia duten enpresaburu, profesional eta katedradunek osatzen dute".
Aipatu taldea ondoko lagunek eratzen dute: Jose Maria Aldekoa MCC Taldeko presidentea; Claudio Aranzadai Industria ministro izandakoa; Jose Antonio Ardanza Euskalteleko presidentea; Luis Atienza Espainiako Sare Elektrikoaren presidentea; Jose Maria Baztarrika CAFeko presidentea; Euskadiko CCOOko eta UGTko idazkari nagusi ohiak, Santiago Bengoa eta Carlos Trevilla, hurrenez hurren; Alejandro Echeverria, UTECAko presidentea; Juan Manuel Eguiagaray Industria ministro izandakoa; Mario Fernandez BBK-ko presidentea; Maria Luisa Guibert Algeposa Taldeko presidentea; Josu Jon Imaz Petronorreko presidentea; Jose Antonio Jainaga Sidenorreko kontseilari delegatua; Jose Luis Larrea Ibermaticako presidentea; Jon Larrinaga Ekonomia sailburu izandakoa; Emiliano Lopez Achurra Euro-Defiko presidentea Espainian; Iñaki Lopez Gandasegui Aernovako presidentea; Ignacio Marco Gardoqui Morgan Stanleyko zuzendari exekutiboa; eta Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea.
Horrez gain, katedradunak ere izango dira batzorde horretan: Arantza Mendizabal, Felipe Serrano, Roberto Velasco, Igancio Zubiri eta Susana Rodriguez Deustuko Unibertsitate Komertzialeko dekanoa, hain zuzen ere.
Patxi Lopezek nabarmendu duenez, batzordean izango duten parte-hartzea "borondatezkoa" izango da eta, ondorioz, ez dute ordainsaririk edukiko. "Euskadirenganako duten maitasunagatik arituko dira lanean", erantsi du.