Athletic Club
Igandean 19:00etan
Sevilla- Athletic: Aurrera egin behar da
Haritz Gallastegi
Lezama
Bruselako porrota ahazteko modurik egokiena Sevillan neurketa ona egitea da.
Zuri-gorriek espero ez zuten jipoia hartu zuten Anderlechten zelaian. Kolpe gogorra izan zen. Mingarria. Hausnarketa sakona merezi duten horietakoa. Caparrosek "autokritika" egiteko eskatu du. Baina, batez ere, psikologo lanak egin beharko ditu orain teknikariak. Ligan egoera ezinhobean dago talde zuri-gorria, eta pena litzateke azken jardunaldira arte Europrako txartela eskuratzeko borrokan ez egotea.
Horregatik, txarto egindakoetatik ikasi eta aurrera egin behar du talde bizkaitarrak. Joan den osteguneko akatsak errepikatuz gero, beste jipoi bat hartzeko arriskua izango baitu Athleticek Sanchez Pizjuanen. Zelai gaitza eta aurkari gogorra izango ditu aurrean talde zuri-gorriak. Hala ere, "lehiatzeko" prest daude zuri-gorriak. Ikusi egin beharko da Sevillak etxean erakutsitako gorabeherak aprobetxatzeko gai den ala ez.
Caparrosek aldaketak egingo ditu hasierako hamaikakoan. Muniain eta Koikili min hartuta daude eta ezin izango dute jokatu. Orbaiz, berriz, zigortuta dago eta Yeste bere sasoi onenetik oso urrun. Hauek ere zerrendatik kanpo geratu dira. Euren lekuan, Iturraspe, Iñigo Perez eta De Zerio deitu ditu entrenatzaile zuri-gorriak.
Athletic: Iraizoz; Iraola, San Jose, Amorebieta, Castillo; Gurpegi, Iturraspe, Javi Martinez, Gabilondo, Toquero eta Llorente.