Politika
Polizia operazioa
Euskal alderdien erreakzioak ETAko buruaren atxiloketari buruz
Erredakzioa
PPk "kartzelan amaituko" duela ohartarazi dio ETAri eta "hauteskundeetan bakarrik egon nahi dutenen sirena kantuak ez entzuteko" eskatu du. EBk ezker abertzaleari jaramon egitea eskatu dio ETAri.
PSE
Iñaki Arriola Gipuzkoako PSEko idazkari nagusiak "Europako edo munduko inon terrorismoarentzako babeslekurik ez" dagoela ohartarazi dio ETAri. "Herrialde demokratikoen batasunari esker orban horrekin amaituko dugu", gehitu du.
Arriolaren ustez, ETAk argi dauka "ezin izango dela Estatu demokratiko batean indarrez gailendu eta sortu dezakeen bakarra, familiei, pertsonei eta herrialdeari urteetan zehar egindako mina" dela.
Arriolarentzat azkeneko atxiloketak "berri ona" dira "bakearen bidean aurrera egiten ari garela" frogatzen dute.
PP
Leopoldo Barreda EAEko PPko bozeramaleak "kartzelan amaituko" dutela eta "Justiziaren aurrean egindako krimenen erantzule" izango direla ohartarazi dio ETAri.
Barredak segurtasun indarrak zoriondu ditu eta "Poliziaren operazioen arrakasta ETAren garaipenean eragingarria" izan behar dela azpimarratu du.
EAEko PPko bozeramalearen arabera, "Zuzenbidezko Estatuko tresnak dira ETA garaitzeko bermerik onena" eta "hauteskundeetan bakarrik egon nahi dutenen sirena kantuak ez entzutea" eskatu du.
EB
Ezker Batua-Berdeak alderdiaren arabera, Frantziako atxiloketak "albiste onak" dira. EBren ustez, ETAk "biolentziaren eraginkortasun ezaren inguruan hausnarketa" egin behar du eta "soilik bide politikoaren eta demokratikoaren alde egiten duen ezker abertzaleari entzun" behar dio.
EBren ustez, "indarkeriazko ekintzek kideen bizitzetan kalte handiak eragiten dituzte".
UPyD
Gorka Maneiro Union Progreso y Democracia alderdiaren parlamentariak ETA eta "bere gaizkideen" kontra "beste biderik" ez dagoela adierazi du, soilik nazioarteko segurtasun indarren arteko elkarlana.
"Batzuk Legebiltzarrean torturatzaileak direla leporatzen dieten bitartean, guk euren lana eskertzen diegu", adierazi du Maneirok.