Politika
Txostena
Zer egiten dute diputatuek Kongresutik kanpo?
Erredakzioa
Kongresuko 350 diputatuek lanetik kanpo egiten dituzten jardunak aitortu dituzte Interneten.
Kongresuak diputatuek Parlamentutik kanpo egiten dituzten jardunak publikatu ditu gaur bere webgunean. Adibidez, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Mariano Rajoy Fundazio batzuen patroiak direla, Jose Bono liburu bat idazten dagoela eta bozeramaileek hedabideetako eztabaidetan parte hartzen dutela ikus daiteke bertan.
Abenduaren 21ean Kongresuak eta Senatuak adostutakoa betetzeko aitortu dituzte euren jarduerak 350 diputatuek.
Hain zuzen ere, Kongresuaren webguneak diputatuen datu pertsonalak (izen-abizenak, jaioterria, egoera zibila, lanbidea eta egungo karguak), helbide elektronikoak eta orain, berritasun gisa, haien jarduera eta interesak ere erakusten ditu.
Adibidez, gobernuburu eta PSOEko idazkari nagusi ez ezik, Carolina fundazioko presidente, Pablo Iglesias eta Alternativa fundazioen patroi eta Ideas para el Progreso fundazioko presidente eta patroi dela aitortu du Zapaterok.
Rajoy FAES fundazioko patroia da, eta kobratu barik hainbat hedabidetako eztabaidetan parte hartzen du. Gainera, liburuak idazten dituela eta hitzaldiak ematen dituela ere adierazi du.
Beste adibide batzuen artean, Josep Antoni Duran i Lleida CiUko bozeramailea idazlea da, eta Lleidako Abokatuen Elkargoko kide, baina ez dago jardunean. Josu Erkoreka EAJko bozeramaileak uko egin dio Baskoniako Garapen Historiko eta Autonomikorako Fundazioko presidenteordetzari, eta orain idazlea eta hizlaria da.
Bere aldetik, Eduardo Madinak uko egin dio atentatu terrorista baten biktima izateagatik jasotzen zuen pentsioari, eta egun, diputatu ez ezik, idazle, hizlari, Carlos III.a Unibertsitateko irakasle eta Sistema Fundazioaren Patronatuko kide ere bada.